Cervantes izarra:
kultura izarretaraino
Ara konstelazioan μ letraz ezagutzen dugun eta berezko izenik ez duen izar bat dago eta bere inguruan lau planetek euren ibilbideak marrazten dituzte. Mundu osoan ezaguna den egile baten inguruan ere lau pertsonaia ezagunek birak ematen dituzte. Aipatu sistema horren erdialdean dagoen izarrari Cervantes deitzea proposatzen dugu, Apolo galaktiko bat bailitzan, eta bere inguruan dabiltzan planetei aldiz, Kixote, Rocinante, Sancho eta Dulcinea, planeta-bizkartzainak bailiran. Kixote (μ Arae b) protagonista, bere izaera bezala orbita zertxobait eszentrikoa duen planetaren izen gisa ikusten dugu, ondoan bere lagun fidela den Rocinante duela (μ Arae d); biak eszenaren erdialdean kokatzen dira. Sancho ezkutari onbera (μ Arae e) sistemaren kanpoaldean mantso-mantso mugitzen da eta On Kixoterentzat hain ikusgaitza den Dulcinea xarmangarriak (μ Arae c) idazlearen bihotzaren ondoan du bere kokalekua.
Miguel de Cervantesek Kultura Unibertsalean duen garrantzia ukaezina da. Bere obra nagusia den On Kixote munduko literaturaren lehenbiziko nobela modernotzat hartzen da eta berebiziko eragina izan du literaturan. Zenbaitetan fikziozko lanik onena dela ere esan izan da. Hala ere, Shakespearek ez bezala, Cervantesek oraindik ez du tokirik esfera kosmikoetan. Izan ere, Uranoren sateliteek egile ingelesaren pertsonaien izenak dituzte. On Kixote nobelaren bigarren zatiaren argitalpenaren 400. urteurrena ospatzeko garaiz gabiltzan honetan, Cervantes Institutuaren laguntzarekin bultzatzen dugun proposamen honek Mantxako zaldun famatua izarrartean merezi duten tokia izatea bilatzen du.
Eta posible al da izar bati
Cervantes izena jartzea eta
inguruko planetei Dulcinea, Rocinante,
Kixote eta Sancho?
Noski baietz!
Nazioarteko Astronomia Elkargoak azken urteetan aurkitutako 20 sistema planetariori izena jartzeko deialdia luzatu du, horientzat proposamenak eskatuz. Onartzen diren ideiak bozkatu ahal izanen dira. Prozesua duela ia urte bat hasi zen, eta aipatu proposamena ofizialki Iruñeko Planetarioak (Espainia), Sociedad Española de Astronomía (SEA)k eta Instituto Cervantes ek luzatzen dugu mu Arae izarra eta bere lau planetei Cervantes eta On Kixote Mantxako nobelaren pertsonaia nagusien izenak jartzeko.
Zer egin behar da?
Zure laguntza behar dugu. Gure proposamenak aurrera egin dezan, izena eta lotura honetako prozedurak jarraitu:
http://nameexoworlds.iau.org/
Zerbait gehiago egiteko?
Jakina, gure Cervantes Izarraren proposamena webgune honetara lotzen dituzten estekak erabiliz zabaldu ahal duzu. Eta nahi izanez gero, gure proposamenaren elementuak babes ditzakezu: irudiekin, ekarpen edota blog-sarrerekin eta noski, guk ere horiei oihartzuna emateko prest izanen gara. Gurekin harremanetan jartzeko bide hauek erabil ditzakezu:
- email: consulta@estrellacervantes.es
- Facebook: Estrella Cervantes (CervantesmuAra)
- Twitter: @CervantesMuAra
Esker mila!
(Traducción de Miren Karmele Gómez – Planetario de Pamplona)